sarrera

eremuak, praktika artistikoen testuingurua euskal esparruan inplementatzeko prestatutako espazioa da. eremuak-en helburu nagusia da artistentzat eta sortzaileentzat plataforma bat eskaintzea eta errealitate artistikoko behatoki gisa funtzionatzen duen lantokia prestatzea, non "sistema", "testuingurua", "komunitatea" eta "erakundea" bezalako nozioak paradigma saihetsezinak bihurtuko diren.

eremuak-ek bere ibilbidea 2010en hasi zuenez geroztik, arte garaikidea eta beste jarduera artistiko eta diskurtsiboak sozializatzea bilatzen du, ekoizpenaren eta difusioaren arteko beharrezko korrelazioan eraginez. Horrela, eremuak-ek deialdi ireki eta jarraitua bezala funtzionatzen du, sormenari, interpretazioari eta bitartekotzari lotutako proposamenak ekoizten dituena.

Halaber, eremuak-en helburu nagusietariko bat eztabaida eta topaketa giro bat sortzen laguntzea da, artearen inguruko politika publikoak eta kulturaren arloko jarduera garaikideentzat garrantzia duten beste gai batzuk jorratzeko, hitzaldi, mintegi, edo eta lan-mahaien bidez. eremuak-en jomuga nagusia esfera publikoa da; asmoa, berriz, politika publiko eta parte-hartzailearen sustapena.

2016ko edizioan Azkuna Zentroa  da eremuak programaren entitate hartzaile berria, Artiumen bidez bost urteko garapena izan ondoren. Maiatzaren 3ko prentsaurrekoan, berri hau zabaltzeaz gain, eremuak-en orain arteko ibilaldiari eta aurten egingo diren ekintzei buruz hitz egin zen, bideo honetan argitzen den bezala.