Itziar Bilbao Urrutia Londresen bizi da eta 1996az geroztik han egiten du lan, bertako azpikulturei lotutako arte-inguruneetan kokatu baitu arte-jarduna. Goldsmiths Collegen Arte Plastikoen Masterra egin ostean, Munstrokeriazko Femeninoaren sexu-desobedientziarekiko interesak arte-tradiziotik kanpoko adierazpideak erabiltzera eraman du.

portrait of the artist as a sadist: recreational/ revolutionary/ repugnant

[artista sadikoaren erretratua: atsegin hartzekoa, iraultzailea, higuingarria]

“Gizonek emakumeak erabiltzen dituztela esan ohi da. Erabili, zertarako? Plazererako ez, behintzat!” - Valerie Solanas, SCUM Manifestua, 1968

Andreen Ongizaterako saila da gure Nagusitasun Femeninoaren Sozietatearen gobernu-gorpua. Nagusitasuna aipatzen dugu, sarbidetuei kontzeptuak argitzeko asmoz. Labur esanda, Espezie Nagusia gara; ar biologikoari, berriz, Mendeko Espeziea esaten zaio...

Agerikoa aitortzen dugu: Valerie Solanas jainkotiarraren irakasbideari jarraiki, Mendeko Espeziea zaharkituta dagoela: “abortu ibiltaria, estadio genetikoan abortatua” (Solanas, 1968). Ingeniaritza sozial hori Espezie Nagusiarentzat diseinatutako gizartea da, behin aurretik izan zuen Patriarkatutik libratu ondoren. Hala, gure Andre Nagusiak sentsibilitate femeninoarentzako egokiak diren izate guztiak eta haren adierazpide guztiak miatzeko libre dira, elikaduratik hasi eta munstrokeriaraino.

Naturari balio handiegia aitortzen zaiolakoan gaude. Mendeko Espezieak eta Espezie Nagusiak nahastea odol garbiko zaldia eta astoa nahastearen parekoa da. Batzuetan, halere, Mendeko Espezieari “benetako gizonaren” rola (haren obsesio zentzugabea) jokatzen uzten diogu, ondo pasatzearren. Gure Andreak, guzti-guztiak, naturaren aurkako ereduak dira; edota, guk esatea nahiago dugun bezala “gezur biribilak”. Eginkizun ugaltzailea, halabeharrez biologiako opresioa azpimarratzen duena, erauzi egin da. Munstrokeriazko antzutasunerako eskubidea defendatu egingo dugu, kosta ahala kosta.