varial 360

Bilbo, 1980. Arte Ederretan doktore da Euskal Herriko Unibertsitatearen eskutik. 2012tik ikerkuntzaren arloan dihardu unibertsitate horretako Eskultura departamentuan.

Gaur egun Bilbon du egoitza eta bakarkako zenbait erakusketa egin ditu: Displacement, Bilbaoarte fundazioa (2017); PESO, JosédelaFuente Gallery (2015), Santander; NICKEL, Rekalde aretoa (2014). Gainera, erakusketa kolektiboetan hartu du parte, arte-gune eta -azoketan, estatuan zein nazioartean.

Sorkuntza artistikorako beka asko izan ditu, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak, Etxepare Institutuak edota Bizkaiko Foru Aldundiak emandakoak, eta egonaldiak egin ditu zenbait zentrotan, Bilbaoarte fundazioan eta City University of New York (CUNY) delakoan, esaterako

varial 360

Azken aldian adierazpen herrikoiaren ideiaren inguruan ari naiz lanean. Hau da, paisaia urbanoan eta sozialean egiten diren ekintzak, horretara moldatzeko eta alderantzizkoa lortzeko keinuak, eta egituraketa soziala subjektuaren beharretara egokitzea ditut lanerako gai. Indibidualtasunaren eremuan erabaki estetikoak hartzeko orduan bitarteko den ekintza interesatzen zait, indibidualtasunaren eremu hori indartu eta eremu publikora eramate aldera.

Halaber, interesgarriak zaizkit hirigunea osatzen duten gailu arkitektonikoak, helburu funtzional argia dutenak: burdin hesiak, arrapalak, hesiak, jarlekuak, eskailerak, zintarriak, barandak eta abar; izan ere, sarritan eraldatuak izaten dira, funtzionaltasun-helburu hori irauli nahi duen subjektu baten esku-hartzearen bidez. Errebindikazio-irrika hori gauzatzen denean interesatzen zaizkit.

Nire jardun artistikoan, praxiaren eta lantegiaren eremuan kokatzen dut neure burua, ideologiaren eta egituraren zentzu sakonean. Batez ere praktikoa den lan honetan ekintza batzuek beste batzuk eragiten dituzte, eta horiek beste batzuk. Horrela, berezko logika (artearena) duen txirikorda-katebegi horretan lekukotzak azaltzen dira, artefaktuak, prozesu baten hondarrak; etengabeko praktika eta ariketa teknikoa funtsezko oinarri dira, eta esperimentaziora eta esperientzia estetikoaren berri emango duten formen bilaketara bideratuta daude beti. Printzipio egituratzaile bat finkatzen da orduan, eta horretatik erabaki artistikoak ateratzen dira, erabateko zentzua duten emaitza formalak sortzen dituztenak.

Eskultura sorta bat lantzea izango da lanaren helburu nagusia. Aipatutako kontzeptuak eta erreferentziak izango dituzte abiapuntu, baina eskulturaren berezko problematikari erantzungo diote. Prozesu horretan, saiakuntzak egingo ditut arte aplikatuetatik hurbil dauden eremuetan, hala nola bitxigintzan edota hiri-altzarien diseinuan.