Errenteria, 1988. Eskulturaren, soinuaren eta testuaren artean jarduten du. 2011n eskuratu zuen Arte Ederretako lizentzia EHUn, eta banakako erakusketak egin ditu CarrerasMugica galerian (Bilbon, 2015ean) Halfhouse espazioan (Bartzelonan, 2014an), Egiako Kultur Etxean (Donostian, 2013an) eta Montehermoso Kulturunean (Gasteizen, 2011n). Erakusketa kolektiboei dagokienez, berrikitan hartu du parte Juan Canela Tabakalerarako komisario izan duen Cale, cale, cale! Caale!!! erakusketan, (Donostian, 2017an); consonniko “LaPublika” laborategian (Bilbon, 2016an) eta Elba Benítez galeriako Otzan erakusketan (Madrilen, 2016an).

www.oieria.info

 

lerro gurutzatuak

Lerro gurutzatuak lanak jatorri ezberdineko edukien arteko parekotasunak nabarmentzen ditu. Alde batetik, herri-jakintzatik datozen ohitura eta sinesmen batzuk, eta hauekin loturiko bestelako gertaera eta datu batzuk aurkezten dira. Eta bestetik, artista (gehientsuenetan) garaikideen lanen deskribapen edo irudiak.

Formalak eta menturazkoak dira parekotasun horiek, baina sinesmen horiek nola eta zergatik sortu ziren eta nola eraldatu diren pentsatzera eraman gaitzakete, eta baita kultura-kontestu ezberdinetan halako antzekotasunak egotearen zergatiaren inguruan ere.

Carlo Ginzburg historialari italiarra arrasto gutxi utzi dituzten ahozko kulturez interesatu da, eta zantzu, aztarna eta ustez hutsalak diruditen seinale apur batzuetatik kultura horiek berreraikitzen egin ditu ahaleginak. Sinesmenen tipologia edo forma-alderaketaren bidez, espazioan urrun dauden mito batzuen arteko kidetasunak seinalatu zituen. Frogatzerik lortzen ez duen eta hasieran baztertu egin zuen lotura historikoaren hipotesia proposatu zuen alde batetik, eta lotura formal hutsarena bestetik. Bigarren hau sinesgarriagoa den arren, gogor egiten dio, eta gizakiak imajinario batzuetarako berezko joera duenik edo kasualitate hutsa izan daitekeenik ere baztertu egiten du.

Proiektu hau ere tipologia-alderaketatik abiatzen da. Zantzuak, datuak eta gertaerak aurkezten ditu. Zenbait elementu errepikatu egiten dira, atzetik hari batek dena josten duenaren edo lehen bistadan ikusgarriak ez diren geruzak daudenaren irudipena sortuz. Artista izanda (ez historialari edo antropologoa), ohitura, mito eta istorioen biltzailea baino; ahoz ahoko kateaketako katebegia izan naiz, aukeraketa intuitiboa eta manipulatzailea eginaz. Artelanen aukeraketa ere afektuetatik egina dago, eta ez da nahikoa antzekotasun soilarekin. Afinitate edo konplizititate bat ere behar dut lan eta artista horiekiko.