[artista sadikoaren erretratua: atsegin hartzekoa, iraultzailea, higuingarria]

“Gizonek emakumeak erabiltzen dituztela esan ohi da. Erabili, zertarako? Plazererako ez, behintzat!” - Valerie Solanas, SCUM Manifestua, 1968

Andreen Ongizaterako saila da gure Nagusitasun Femeninoaren Sozietatearen gobernu-gorpua. Nagusitasuna aipatzen dugu, sarbidetuei kontzeptuak argitzeko asmoz. Labur esanda, Espezie Nagusia gara; ar biologikoari, berriz, Mendeko Espeziea esaten zaio...

itziar bilbao urrutia

Itziar Bilbao Urrutia Londresen bizi da eta 1996az geroztik han egiten du lan, bertako azpikulturei lotutako arte-inguruneetan kokatu baitu arte-jarduna. Goldsmiths Collegen Arte Plastikoen Masterra egin ostean, Munstrokeriazko Femeninoaren sexu-desobedientziarekiko interesak arte-tradiziotik kanpoko adierazpideak erabiltzera eraman du. Hala, 2004az geroztik burututako proiektuetan, Britainiako eszena fetitxista nortasun- eta praxi-gunetzat aztertu eta, ildo beretik, pornografia digitalaren ekoizpena performancetzat ulertuta ikertu du. Haren lanean daude, halaber, hainbat hedabidetan argitaratu diren saiakera- eta kazetaritza-testuak, ingelesez nahiz gaztelaniaz.