foto de la propuesta Infiltraciones de José Otero

Miranda de Ebro, 1968. Artista eta irakaslea. Hizkuntzaren, gorputzaren eta irudiaren arteko harremanak arakatzea interesatzen zait. Horretarako, ekintza performatiboak erabiltzen ditut hainbat espaziotan. Zenbait urtez lan egin dut paisaiaren ideiari buruz, ibiltzea proiektatzeko eta esku hartzeko baliabide gisa hartuta. Gaur egun, hezkuntza ikertzen ari naiz artea esperimentatzeko eremutzat.

2009an, Arabako Gesaltza Añana herriaren memoriari buruzko “Oroimena irudikatuz” proiektu kolektiboa egin nuen, eta 2013an, Azalerak (Azala) programaren barruan, “Camino a Cuevalobos” audiogida produzitu nuen,  Anne Laure Boyerrekin, Cecilia Pérez-Pradalekin eta Álvaro Nebredarekin batera.  Nire lehen banakako erakusketa, “Microacciones periféricas” izenekoa, José de la Fuente galerian egin nuen (Santander, 2014). Horrez gain, parte hartu dut “El rumor de la montaña” (Málaga, 2015) erakusketa kolektiboan  eta Abelardo G. Fournierren “La colonización interior” (Matadero Madrid, El Ranchito, 2015) ikerkuntza-proiektuan. 

www.joseaotero.com

jardunaldiak

Infiltraciones proiektuaren irudia. Egilea: José Otero
2017 ekainak 15

infiltraciones

Infiltraciones ikerkuntza-proiektu eta ekintza pedagogikoa Abanto-Zierbenako (Bizkaia) Dolores Ibarruri BHIan gauzatzen da, Gorputz Hezkuntzako “Jolasak” eta “Taldeen animazioa eta dinamizazioa” irakasgaien bidez. Infiltraciones proiektua galdera hauetan oinarritzen da: zenbateraino sar daiteke performantziaren inguruko ikerkuntza eta ikasketak Bigarren Hezkuntzako Gorputz Heziketaren arloan, eta, kasu honetan, Lanbide Heziketako Gorputz eta Kirol Ekintzen Animazioko Goi-mailako Teknikariaren prestakuntzan? Ulertu al daiteke Gorputz Hezkuntzako irakaslearen zeregina performer eta ikertzaile gisa?

Proiektuaren helburuak honako hauek dira: gorputz-mugimenduari buruzko ikuspegi-aldaketa kualitatiboa eskaintzea Gorputz Hezkuntzako ikasle talde bati; kirol-mugimenduaren efizientzia fisiologikoa eta biomekanikoa mugimendu poetikora hedatzea; eta sormena garatzea mugimendu fisikoen bidez, hainbat espaziotan.

Proiektuaren lehen fasean —artea bizitzara hurbiltzeko dudan asmoa da horren abiapuntua—, hainbat kontzepturen inguruko dokumentazioa jaso eta teorian eta praktikan sakondu dut, ikerkuntza-esparrua ehuntzeko.

Richard Schechner-ek “Performance studies. An introduction” izeneko eskuliburuan proposatutako eskemak barneratu ditut, batez ere performantziari, erritualari, jolasari eta performatibotasunari buruzko planteamenduak, baita  Allan Kaprow-ek “Essays on the blurring of art and life” izeneko obran garatutako kontzeptuak ere; hau da, jolasa, antzerkiaz kanpoko performantzia, oinarrizko ikerkuntza, arreta eta esperimentu erreala.

DBHko Gorputz Hezkuntzako curriculumean jolasari eta gorputz-adierazpenari eskainitako zatiak irakurri ditut, performantziaren inguruko ikerkuntza-gaiak ikasgai-zerrenda ofizialera egokitzen ote diren eta harekin bateragarriak ote diren egiaztatzeko.

Azkenik, Dolores Ibarruri BHIko instalazioak bertatik bertara ikusi ditut, eta proposamenari buruz hitz egin dut proiektua nirekin gauzatzen ari direnekin, hots, ikastetxeko “Jolasak” eta “Taldeen animazioa eta dinamizazioa” irakasgaietako irakasleekin.

  • idatzi, José Oteroren argazkia
  • irakurmena, José Oteroren argazkia
  • ibili, José Oteroren argazkia
  • irakurmenak, José Oteroren argazkia